Ibilbide turistikoan ordubetera iristen ez den bisita egiten da, gehienez 50 pertsonek osatutako taldeetan antolatuta, eta betiere, zonaldea ederki ezagutzen duten gidariek lagunduta. Kobaren barnean zehar egiten den ibilbidea Artzainzulon hasten da; bere bolumen itzelari esker, eta sarrerako gela izanik, argi naturala iristen da, eta formazio geologiko xumeak miretsi ahal izango ditugu. Gelarik ikusgarrienetako bat "Laminosin" dugu, formazio geologikoen aniztasun eta kopuru itzelez hornitua, eta "Herensugearen Gotorlekua" deritzon gela. Azken horren bolumena itzela da, 60 metroko luzera baitu eta, zenbait puntutan, 20 metroko altuerara iristen baita. Bisitan zehar, argiak itzaltzen dira, eta guztiok geldi-geldi geratuko gara… isil-isilik...lur beraren erraien marmar eztia bakarrik entzunez.
Espeleoabentura programan 3 orduko bisitak egiten dira, eta horretan kirol teknikak erabiltzen dira. Sasoian dauden pertsonentzat besterik ez dira, eta 10 bisitariren taldeetan egiten dira. Ibilbideak Gerlariaren Aretora eramaten du -katedrala ere esaten zaio, duen tamainarengatik. 70 metroko sakoneran, areto hori egokitutako ibilbidearen azpian dago. Azpiegiturarik eta argiztapen eszenikorik ez duenez, Aralar mendiko intimitatea ezagutzeko aukera ematen du.
Bisitaren osagarri gisa, kobaren inguruan
harrera-etxe bat eraiki dute. Bertan lurrazpiko erreinuaren bereizgarriei buruzko dokumentala ematen dute, 15 minutuko iraupenarekin. Bestalde, lur-azpian murgilduko bagina bezala sentituko garen erakusketa areto bat ikusteko aukera izanen dugu.
Haurrentzako
eskola berritzaile bat sortu dute, seigarren kontinentearen ezaugarri geologikoak modu praktiko baten bidez erakusteko asmoz. Bertan ikasmaterialaz eta galdera-sortak dituzten koadernotxoez baliatuko dira ikastunak, eta ingurumen adituak bilakatuko dira.
Ibilbide gomendatua Mendukilo leizearen inguru hurbila ezagutzeko..